
- Bi zuzen paralelok N-245eko 34. kilometroan elkar ebaki zuten 1985. urteko ekainaren 15ean, nire autoa gidatzen ari zen lagunak kurbaren parabolari muzin egin eta infinitora eraman nahi izan ninduenean izozki banatzailearen furgonetaren kontra. Talkaren ondorioz, laguna eta biok, autoko aurreko kristala puskatu eta Frigo enpresako gidariaren kabinara erori ginen lumazko eztanda batean. Nire zangoaren zain zeunden bele beltzak, krok, krok, krok... Karreterako zuhaitz eta sasi haietatik ehundaka agertu ziren hodeitan zintzilikatutako kainoi bolak bezala, marioneta hegalariak...
Valentin, bere 7 urteko hilobari bezala kontatzen ari zitzaion istorioa polo verdeko kokainomanoari, azken honek buruan zeraman heineken txapela kendu eta lurrera bota zuenean:
- Que no sé euskera! Que le digo que estas sillas son del bar y que no se pueden meter en la carpa, coño! Como si le falta una pierna o una cabeza. Si no se puede estar de pie se sienta en el suelo o en la playa, o se van a su casa, su mujer y usté, pero esas sillas las deja donde las tenía.
Baxua eta saxoaren notak ihesi zebiltzan; txikleari hozka eta hozka zerbitzaria, eta agureek, begiak zabal-zabalik, hozka, hozka, hozka begiratzen zioten aho azkar horri, une batetik bestera aspaldi galdutako zangoa jaurtikitzera joango balitz bezala.